XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARTRE, NOBEL-SARI

Bastarretxea J.A.

Igesko urriaren azkenetan danori arritu ta itxi euzkun gertaera bat izan genduan: Suezia'ko Akademiak, urtero lez, literatura nobel-saria irabazlearen izena emon eban eta irabazlea danok dakigunez Jean Paul Sartre filosofo ateoa.

Barri onek ez eban euki abegi ona eguneroko eta aldizkari geienetan; borondate oneko gizonak zer-esan asko agertu ebezan jaso orren aurka.

Onetariko batzuk astertzera noa artikulo labur baten.

Baña zer-esanak astertu baño len asi gaitezan Sartre'n filosofiak emoten dauzkuzan barri batzuk ikusten.

Sartre'n ideolojia

Nor dogu gizon au? Danok dakigunez gaur eguneko esistenzialista filosofoen artean ospetsuena dogu Sartre.

Esistanzialista filosofoak sistema bardiñean bitarikoak dira: batzuk teistak ta besteak ateoak, sentimentu ta fedearen bitartez Jaungoiko baten sinisten dabenak eta Jaungoikoa ukatzen dabenak.

Azkenengoen artean Sartre dogu nagusi.

Gizon onek, Jaungoiko billa, Aren arazoan gabiltzan kontura barre egiñez, zelan leiteken itautzen dauzku orrenbeste denbora galtzea ez dan gauza baten atzetik.

Jaungoikoa baztertu ondoren, bere barruan ustasun larri bat daukolez, or dabil bere idazkietan, jo ta ke bizitzaren azalmen bat emon naiean, bizitza argitu leiken argi baten billa.

Eta azalmen edo argi ori absurdoan aurkituko dau; absurdoa izango da Sartre'n egi nagusia, egi bakarra; batzuetan ezebeza, besteetan angustia existencial deitzen dautzon absurdo ori izango da Sartre'n metafisika guztia.

Sartre'n filosofian mundu onetako gauzak sentidu bako ezerezak baño ez dira; esate baterako, bizitza alperreko griña bat baño ez dala diño, eta bizitza onek ezin leike eskeñi garrastasuna, mingostasuna eta larritasuna baño.

Gizon neurotiko onen irakatsi kaltegarriak, zoritxarrez ez dira emen geratzen.Jaungoikorik eztagolez eta bizitza absurdo bat dan ezkero, maitasuna, karidadea, apaltasuna, lana eta beste olako birtuteak alperrekoak dira; etikari ta beste legeari jaramonik egin bage, gorputzak eskatzen dauzkuna egitea da mundu onetako gure zer-egin guztia.

Au da, gitxi gorabera Sartre'n ikasbidea.Koskorra eta okerra benetan!

Nobel-sari

Onek eta beste olako zapokeri asko irakasten dauzan gizonari emon dautze literatura nobel-saria.

Eta len esan dogu lez, borondate oneko gizonak etziran konforme geratu.

Zergaitik? Jakitun gara Sartre'n nortasuna literatura kontuan aundia dala; bere estiloak jarri dautzo gure egunetako kultura gallurrean.

Orregaitik ez gara miraritzen esate baterako bere Les mots liburuak euki daben ataria ikusita; liburu ori joan zan urtean Frantzia'n ataririk aundiena euki eben liburuen artian aurkitzen dogu 150.000'ko tirada bakarragaz.

Baña estiloa bakarrik ezta naikoa literatura sari bat irabazteko; estiloa ta mamia biak batera, kontuan euki bear dira.

Literatura ezta besterik, Sartre'k berak diño lez, norberaren ebanjelioa zabaltzeko modu bat baño, gizonari norberak irakasten dabena eroateko irakatsi ori bizi eta ausnartu daien.

Zer irakasten dauzku Sartre'n ebanjelioak?

Sartre'n lana ez dauko lez, ez poztasunik, ez argirik, ez berotasunik, egiten dabena da bere irakurleen arimako bizitza kendu eta pesimismo larri eta mingots bat itxi.

Gañera Nobel'en asmoa aurrerapenak eta argi barriak sarituaz munduaren onerako jokatzea izan zan.

Orretarako bost sari jarri eban: fisika, kimika, medizina, literatura eta pake-sariak.

Aren naia izan zan pakearen eta argi barrien alde zintzo jokatzen ari diran gizonak saritutia eta orretarakoxe itxi ebazan bere diru guztiak.

Literatura kontuan Nobel'en naia etzan izan besterik obrarik positibona, bikañena, idealik altuenak dauzkazana saritutia baño.

Eta Sartre'k ze ideal ete dauka?

Derrigorrean okerra euki bear, ez Jainkoan, ez bizitzan siniesten ez dabenak, alkar-maitasunik eta itxaropenik bageko bizitza irakasten daben gizonak.

Ez da erreza obra negatiboaurik aurkitzea.

Gizadiari amaika kalte egindako gizona dogu Sartre eta alan ta guztiz be gure egunetako kultura maixutzat jarri dabe.

Orain Suezia'ko Akademiari itaun bat: zer ikasi bear dogu maixu onengandik? Arte literarioa?

Ez litzake miraritsekoa Sartre'k gizonen kontura barriro be bar egitea.Bere ideak? Jaungoikoak libra gaitzala.